Programa Carmelo Bernaolarekin hasi eta ixten da, haren heriotzaren 25. urteurrenaren harira eta jaio zeneko mendeurrenaren atarian.
PER DUE eta ARGIA EZTA IKUSTEN obretan, bitarteak gai bizidun bihurtzen dira: hedatzen, uzkurtzen eta kateatzen diren zelulak sortzen dituzte, tresnen arteko elkarrizketari forma emanez. Lehenak interprete bakoitzak ganbera-musikan betetzen duen eginkizuna aztertzen du; bigarrenak, berriz, Gabriel Aresti poetaren bertso batetik hartzen ditu izenburua zein giroa, eta euskal folklorearen oihartzunak iradokitzen ditu, modu estilizatuan iradoki ere.
À BÂTONS ROMPUS frantziar adierazpide bat da, etenak dituen eta digresioz beterikoa den elkarrizketa bat azaltzen du. Adierazpide horrek etengabeko mugimenduan den musika bat iradokitzen dio Philippe Hureli: bata bestearen ondorengo zatiek eta modu irregularrean itzultzen den begizta pultsatu batek indar erritmiko handiko diskurtsoa eraikitzen dute.
Programa pianoa jotzen duten bi hirukotek osatzen dute. Kaija Saariahoren CENDRES (“errautsak”) obraren soinu-materiala flauta alturako, biolontxelorako eta orkestrarako “...à la fumée” (“...ketarantz”) izeneko bere kontzertu bikoitzean du jatorria. Metafora bat da: jatorrizko obrako orkestra-soinuaren soinuzko bloke trinkoak “murriztu” egin dira, atzean soilik bere hondar zerizanezkoak, intimoak eta ganbera-musikara zuzenduak direnak utzita.
Marián Gutiérrez Urbaneta OTZARRETA obrak, bere aldetik, Gorbeiako ehun urtetik gorako pagadira garamatza. Han, soinu, oihartzun nahiz isiltasunen artean, basoa misterioaren eta ebokazioaren gune bihurtzen da.