Bernaola Zikloak egungo euskal eta nazioarteko agertokian garrantzitsuenetakoak diren artisten hautaketa bat aurkezten du, abagunerako Europako konpositore sortzaile eta originaletako batzuk modu esklusiboan konposatutako mundu mailako obren estreinaldi garrantzitsuekin.
Horren erakusle da Juliet Fraser britainiar abeslariak eskaintzen digun kontzertua, zeinak Nwando Ebizie-ren eta Newton Armstrong-en obrak estreinatuko baititu indar, adierazkortasun eta dotorezia hutseko fusio kultural eta teknologiko baten bidez.
Euskal artisten artetik, “Bilbao Sinfonietta” nabarmentzen da, Francisco Domínguezen ganberako opera batekin, eta baita Alfonso Gómezek emango duen piano maratoia ere, oso-osorik interpretatuz Olivier Messiaen-en "Txorien katalogoa" izeneko obra monumentala, eta hori entzuteko aukera aparta izango da.
Bernaolaren talde egoiliarra Ensemble Sinkro da eta bi programa ezberdin aurkezten ditu, bata Musikenetik eta Paris 8 Unibertsitatetik irten berriak diren konpositore gazteei eskainitakoa, eta bestea, berriz, Guillermo Lauzurika gasteiztar konpositorearen musikari eskainitako bere azken lan diskografikoa aurkezteko.
Dantzak, ohi bezala, leku berezia du gure egitarauan, eta Florence Augendre artista izango dugu, oraingo honetan Frank Hammerlé ondoan duela, DanzÁlavaren lankidetzari esker.
Sorkuntza berriko musika garaikideari eskainitako 14 kontzertu izango dira guztira, dantzarekin eta teknologia berriekin elkarrekintzan, eta horietatik 12 Gasteizko erreferentziazko kultur espazioetan emango dira, esaterako ARTIUMen eta “Jesús Guridi” Musika Kontserbatorioan. Araian eta Bilbon izango dira beste bi kontzertuak.
Kontzertu guztiak doakoak dira. Sarrera doan, edukiera bete arte.