Gizakiak babeslekuak eraikitzeko erabili izan duen lehen materialetako bat da lokatza. Artisautzan material gisa ere erabili daiteke. Lur buztintsuak arazoa bilakatu daitezke ibilgailuentzat hezetasun handia dutenean. Osagai bereziak dituen lohi-bainua medikuntza- eta denborapasarako erabili ohi da.
Lohi Ensemble bi taldekideek inprobisaziotik eta elkarrekiko elkarrizketatik abiatuta sonoritate ezberdinak esploratu eta deskubritzeko duten interesatik sortu da. Proposamen artistiko hau sormen askatasunean oinarritzen da, non elektronikak, instrumentu akustikoek eta elektroakustikoek beren lekua aurkitzen duten esperimentazio gune honetan.
Proiektuak izaera mugagabea du, hainbat kolaborazio eta instrumentazio ezberdin probatzeko aukerak erakarrita, musika estilo bakar batera edo beste diziplina artistiko batzuekin elkarreragitera mugatu gabe. Ikuspegi horrek aukera ematen du saio bakoitza esperientzia bakarra bihurtzeko, proiektuaren izaera dinamikoa dela eta.
Behin lokatzetan sartuta, lasaitu eta utzi eramaten.
Musika elektronikoak eta Errenazimentuko musika frantsesak eta italiarrak bat egiten dute proposamen honetan adierazkortasun musikala esploratzeko asmoz. Izan ere, ustekabeko konexio atipiko honen bitartez, musikaren entzute kronologiko hutsa zalantzan jarri nahi da. Ondorioz, Marenzio (1533-1599) eta Verdeloten (ca. 1475-1552) lanak formatu tradizionalean, a capella, interpretatuko dira eta grabatuak izango dira. Ondoren, Lohi Ensemble taldeko kideek grabatutakoa erreproduzituko dute, soinua eraldatzeko hainbat teknologia eta euskarri erabiliz haien sonoritatearekin jolasean.