Alfonso Gómez

  • Alfonso Gómez pianoa 

"Catalogue d’oiseaux", Olivier Messiaen

Berealdiko obra hori pianorako XX. mendeko errepertorioaren gailurretako bat da, izan. Irauten duen bi ordu eta erdiak exijentzia itzelekoak dira pianistarentzat zein entzuleentzat. Entzuleek, gainera, oso-osorik entzuteko aukera aparta izango dute. Kontzertua bi zatitan banatuko da, aurrenekoa 18:00etan hasiko da eta 90 minutu iraungo du, eta bigarrena 20:00etan eta 60 minutu iraungo du. 

"Catalogue d’oiseaux"-en 13 piezetako bakoitzean, Messiaen-ek omenaldia egiten dio hegazti jakin bati, eta musikaren bidez deskribatzen du bere itxura, bere ingurunea zein bere kantua, inguruko gainerako hegaztiekin kontrajarrita. Motiboek helburu deskribatzailea dute, eta gai sinbolikoak txertatzen ditu bere musikan, hala nola gaua, egunsentia, lainobera edo itsasoko olatuak. 77 hegazti ezberdin entzun ditzakegu ia hiru orduko emankizunean.

“Txorien kantuak orain dela 30 bat urte hasi nintzen apuntatzen. Horien lehen transkripzioak sakabanaturik aurki daitezke nire lehen obretan. Zoritxarrez, garai hartan ez nuen esperientziarik eta beti ez nuen jakiten zein txoriri esleitu holako edo halako kantua. Espezialisten aholku bila jo nuen geroago, eta asko ikasi nuen ibilaldi gidatuetan Horren ostean, neure hegoekin egin ahal izan nuen hegan (irudizko adierarik eta hitz-jolasik gabe diot). Horrela, udaberriro, arkatzak, borragomak, musika-papera, marrazki-bloka eta binokular handi-handi batzuk hartu eta Frantziako eskualdetan harat-honat ibili nintzen nire maisuen bila.
Horrela sortu zen piano hutserako nire "Catalogue d’oiseaux" delakoa Dena egiazkoa da: bakarlariaren eta auzotarren melodiak eta erritmoak, baten zein besteen arteko kontrapuntua, erantzunak, isiltasunezko multzo eta uneak, eta eguneko orduarekin den lotura. Horrek guztiorrek halako indar poetikoa hartu zuen nire buruan, ezin niola musika jarri emoziorik gabe. Ez iezadazue oker interpretatu, otoi! Txoriak artista handiak dira, berez. Eurak dira pieza hauen benetako konpositoreak! Zenbaitetan, musikaren kalitateak behera egiten duenean, konpositoreak naturan jokabide arrotza izan zuelako edo behar ez zen zarata atera zuelako da, adibidez harkaitz bat zapaltzea, orri bat pasatzea edo adar idor bat apurtzea.”

Olivier Messiaen

Alfonso Gómez

Alfonso Gómez Gasteizen jaio zen 1978an, eta bost urte zituela pianoa jotzen hasi zen. Gasteizko "Jesus Guridi" kontserbatorioan ikasi zuen, Albert Nietorekin. Bertan graduatu zen, eta goi-mailako Ohorezko Saria lortu zuen. Ondoren, perfekzionatu egin zen Aquiles delle Vigne-rekin –Claudio Arrauren ikaslea– Rotterdamgo kontserbatorioan (Holanda) eta Tibor Szász-ekin Freiburg-eko "Musikhochschule"n (Alemania). Aldi berean, Vitali Margulis, Jaques Rouvier, Éric Haedsieck, Jan Wijn, Galina Egiazarova, James Avery, Gilead Mishory (pianoa) eta Rainer Kussmaul, Jörg Widmann, Jean-Jacques Kantorow, Juanjo Mena eta Donald Weilerstein (ganbera-musika) irakasleekin jasotako eskolak erabakigarriak izan dira prestakuntza musikal eta artistikoan.

11 aldiz saritu dute nazioko eta nazioarteko lehiaketetan eta nabarmentzekoa da horietako lehen saria, besteak beste, "J. Françaix" (Paris), "Ciudad de Guernika", "Alter Musici" (Cartagena) eta "Gerardo Diego" (Soria) lehiaketetan. Rotterdamen "Erasmus Kamermuziekprijs 1999" saria eman zioten.

EROL, Ad libitum, Sinkro, Coviello Classics, Orpheus eta Kairo zigiluetarako orain arte grabatutako 10 diskoek errepertorioaren ugaritasuna, aniztasuna eta konplexutasuna adierazten dute. "Ramón Lazkano, piano works" (KAIROS) diskoak "Grand Prix du Disque Musique Contemporaine de l 'académie Charles Cros 2019" jaso zuen.

Gure garaiko musikarekin erabat konprometituta, autore garaikideen lan ugari estreinatu ditu –horietako asko berari eskainitakoak–, eta ensembleekin kolaboratu du, hala nola MusikFabrik-ekin (Parisko Agora Jaialdia, Koloniako WDR eta Philarmonie aretoa, Kieveko Philarmonie, etab.), SurPlus-ekin eta SWR-Ensemble Experimental-ekin. 2007tik Ensemble Sinkro-ko piano-jotzailea da.

2001etik Alemanian bizi da eta gaur egun Freiburgeko Musika Unibertsitateko irakasle katedraduna eta Stuttgarteko Musika eta Arte Eszenikoen Estatu Unibertsitateko irakasle laguntzailea da.

AlfonsoGomez.de

18:00
Jesús Guridi Musika Kontserbatorioa

Egitaraua

  • Olivier Messiaen (1908-1992)
    “Catalogue d’oiseaux” (1956-1958)
     18:00etan: 1. zatia (90 minutu) 
  • 1. liburua
    I. Le Chocard des Alpes / Belatxinga Alpeetakoak (Pyrrhocorax graculus)
    II. Le Loriot / Urretxori (Oriolus oriolus)
    III. Le Merle Bleu / Harkaitz-zozo urdina (Monticola solitarius)
      
  • 2. liburua
    IV. Le Traquet Stapazin / Buztanzuri horia (Oenanthe hispanica)
      
  • 3. liburua
    V. La Chouette Hulotte / Basontza (Strix aluco)
    VI. L’Alouette Lulu / Pirripioa (Lullula arborea)
      
  • 4. liburua
    VII. La Rousserolle Effarvatte / Lezkari arrunta (Acrocephalus scirpaceus)
      
  • Atsedena
      
  • Olivier Messiaen (1908-1992)
    “Catalogue d’oiseaux” (1956-1958)
     20:00etan: 2. zatia (60 minutu) 
  • 5. liburua
    VIII. L’Alouette Calandrelle / Txoriandre arrunta (Calendrella brachydactyla)
    IX. La Bouscarle / Errekatxindorra (Cettia cetti)
      
  • 6. liburua
    X. Le Merle de Roche / Harkaitz-zozo gorria (Monticola saxabilis)
      
  • 7. liburua
    XI. La Buse Variable / Zapelatz arrunta (Buteo buteo)
    XII. La Traquet Rieur / Buztanzuri beltza (Oenanthe teucura)
    XIII. Le Courlis Cendré / Kurlinta handia (Numenius arquata)
      
FaLang translation system by Faboba